Gizarte-laguntzaile independente baten zerbitzua urririk elkarte kideentzat ! Datorren hitzorduak

Gizarte-laguntzaile independente baten zerbitzua urririk elkarte kideentzat ! Datorren hitzorduak

  • Post author:
  • Post category:Berriak

Ondoko hitzorduak :
– Martxoaren 1-ean Baigorrin, goizez
– Martxoaren 11an Gotaine Irabarnen, goizez
– Apirilaren 11an, Hazparenen, arratsaldez
– Apirilaren 19an, Itsasun, goizez
– Maiatzaren 6an, Donapaleun, arratsaldez
– Maiatzaren 17an, Baigorrin edo Donibane Garazin, goizez
– Ekainaren 3an, Gotainen, arratsaldez
– Ekainaren 11an, Hazparnen, goizez

 
Hitzorduak hartzeko : 06 73 16 06 92 – contact@buzbu.fr

Xehetasun guziak pdf-ez

2023ko irailaren 25eko Administrazio Kontseiluan ereman barne gogoeta baten ondotik, interesa erakutsi duten elkarteek*, Buzbu gizarte-zerbitzu independentearekin esperimentazio bat martxan ezartzeko hautua egin dute , kideeri gizarte-laguntza anonimo eta doakoa eskaintzeko.

Gure elkarte guziek defendatzen eta lan egiten dute laborariak beren lanetik duintasunez bizi daitezen, lanbidea bideragarria (errebenioak) eta bizigarriak (bizi-kalitatea) izan daitezen. Iparraldeko laborariek beste lanbide edo lurralde batzuetako eskubide eta laguntza berak eskuratzeko aukera bera izan dezaten nahi dugu, horrek etxeko bizi-kalitatea hobetzen eta bermatzen laguntzen baitu.
Deneri gertatzen zaigu memento batean ala bestean laguntzaren beharra eguneroko bizitzako egoera bati erantzuteko (MDPH dozierra bete haur batentzat, adineko pertsona baten zaintzea, etxebizitza berritzea, ikastera doan haur baten kasua, edo elbarritasuna) , aldaketa bati buru egin behar izaitea (banaketa, istripua, eritasuna) edo etxaldean urte zaila jasaitea . Eta batzuetan zaila da laguntza horren galdegitea, eskubideak eta tresnak ez direlako ezagutzen, energia debaldetan galtzeko beldurra delako edo solaskide profesionalekin hitzordu bat eskuratzeko izan daitezken zailtasunengatik.

Zehazki, laborari kidetuak, Trebatu dispositiboari lotutako proiektu eramaileak eta egituretako langileak gizarte-laguntzaile independente baten ganat joaiten ahalko dira, sekretu profesionalari loturik eta urririk :
– Banakako hitzordu bat edo gehiago (45min-1h), aintzinetik hitzordua hartuz, eskualde desberdinetan finkatu permanentzietan. Galdera jakin bati erantzuteko izan daiteke, dozier baten osatzeko edo zure eta zure etxearen egoerari buruzko bilan baten egiteko.
– Telefono-linea bat, astean 5 egunez galdera laburrendako, egoera bat desegiteko, edo duda bat izanez gero. Galderak hala galdegiten badu, hitzordu fisiko bat antola daiteke.
– Baliagarriak diren laguntza eta dispositiboen berri eskuratzeko aukera izaitea ( Elkarteek arra-partekatuko duten berri paperen bidez)

Partaidetza horren osatzeko, laborarien eskubideak bideratzen dituzten estrukturekin, zailtasun puntualetan, zailtasun handiagoetan edo arazo psikologikoeri erantzuteko gaitasuna duten lurraldeko aktoreekin trukaketak antolatuko ditugu . Eragileen eta gailuen kartografia horri esker, hobeki komunikatzen eta lotura egiten ahalko dugu.
Zerbitzua osoki urririk da laborariarentzat, kostua elkarteek eta Euskal Elkargoaren diru laguntzak estaliko baitute.

*EHEEE, Trebatu, Lurzaindia, Buru Beltza, Irulegiko arno sindikata, BLE, EHKOlektiboa, Ezpeletako biper sindikata, SOS Indartu, Uharte Garaziko gasnategia, Sagartzea