Etxeko gasna egiten duen Etxe Gazna kooperatiba 1985ean sortu zen, 7 kide kooperatzailek Gotaineko gasna-ontzeko soto baten segida hartu zutelarik. Gero, 1992an, oraingo bastimendua eraikitzen hasi ziren, Zalgize-Donezteben. Sortu denetik, 130 etxalde baino gehiagok dituzte kooperatibaren zerbitzuak baliatu, urtean 15,5 tona gasna ondurik.
Etxe Gazna kooperatibaren aktibitate nagusia gasnen ontzeko zerbitzuaren eskaintzea da. Beren gasnak egin eta, laborariek kooperatibara ekartzen dituzte; han, gasnek hainbat hilabete pasatuko dituzte, ontzeko. Urrats delikatua da, non gasnak emeki ontzen baitira eta erregularki torratuak, garbituak, itzuliak baitira, arta handiz, gure gasnen zaporeen eta tipikotasunaren ahal bezain ontsa garatzeko. Sotoaren ingurumenaren kalitatea, ontzailearen jakitatea eta begia erabakigarriak dira denbora hortan. Gure langile ontzaileak du lan hori egiten, gutarik batzuen laguntzarekin.