SAGARTZEA
Iparraldean sagarnoa berriz egitea, hemengo sagar motak erabiliz, hona Euskal Herri barnealdeko talde ttipi batek 1990ean altxatu desafioa; horretarako, Sagartzea elkartea sortu zuten.

Beltxu 64120 DONAIXTI
06 10 12 81 76
Iparraldean sagarnoa berriz egitea, hemengo sagar motak erabiliz, hona Euskal Herri barnealdeko talde ttipi batek 1990ean altxatu desafioa; horretarako, Sagartzea elkartea sortu zuten.
Ondoko bi helburuak bazituzten :
- Hemengo sagar moten zerrendatzea, landatzea eta transformatzea, mendiko etxaldeetako irabazien emendatzeko ;
- Kolektiboki transformatuz eta merkaturatuz, Euskal Herri barnealdeko lanpostu batzuen sortzea edo azkartzea.
Lehen urrats batean, 1990etik 1992ra, elkarteak lekuko sagar motak zerrendatu zituen eta gero 7 hautatu, landatzeko: Anisa edo Apez Sagarra, Mamula, Eztika, Peatxa, Eri sagarra, Gordin xuria eta Ondo motxa.
1994ren eta 1996ren artean, 16 000 zuhaitz landatuak izan dira, guti gorabehera 30 ha-tan, gehien bat Hazparne inguruan, Oztibarren eta Donibane Garazi inguruan.
1996an, elkarteko kide batzuek Eztigar kooperatiba sortu zuten, Sagartzea elkartearen segida hartzeko, transformatzearen eta merkaturatzearen alorretan.
Sortu zenetik, elkarteak beti segitu du hemengo sagar motak xerkatzen eta, gaurko egunean, 60 sagar mota baino gehiago zerrendatu ditu Ipar Euskal Herri osoan.
Euskal Herrian, fruituak eskas zaizkigu, nahiz eta klima eta lurra egokiak ditugun. Arbolazain batzuk lanbide hortan berezitzen ari dira, fruitu freskoen eskaera gero eta handiagoa baita, AMAPen inguruan, adibidez.
Elkarteak hogeita hamar bat kide biltzen ditu.

Hemengo sagar moteei buruzko ikerketa
Elkartea mota bakoitzari buruzko fitxa teknikoak egiten ari da, sagarra ahal bezain zehazki deskribatuz eta datu teknikoago batzuk ere emanez.
Hain segur, datu horiek biziki baliagarri izanen dira geroko arbolazainendako, bai eta transformatzeko ere.

Formakuntzak
Urte oroz, elkarteak publiko zabalari ireki ikastaldiak antolatzen ditu ondoko gaien inguruan:
– txertatzea
– moztea
– fruitu-baratzearen segimendu orokorra (urtarriletik martxora)
Ikastaldi horiek gero eta partaide gehiago biltzen dituzte. 2019an, Atharratzen, bertako Prefosta elkartearekin antolatu txertatzeari buruzko ikastaldiak berrogei bat pertsona bildu zituen.

Hemengo sagar moteetako landareen banatzea
Elkarteak txertoak biltzen ditu. Txerto horiek mintegietan emendatzea eta saltzea antolatzen du, proiektu-eramaileen (fruitu-baratzeen sortzeko) eta partikularren esku ezartzeko.
- Pantxika Maitia, Lehendakaria
- Gabriel Durruty, Idazkaria
- Pettan Ithuralde, Diruzaina
Kidetza : 30 € urtean
HEMEN elkarteak argitaraturik 15€
Lantzean